Zeraingo Udala - Ayuntamiento de Zerain

Zerainen irudia

PROIEKTU SOZIEKONOMIKOA > Zerain Parke Kulturala

90eko hamarkada hasieran, bultzatzen zen ekimen kopurua eta hauen pisua ikusirik, berregituraketa egin zen. Garai honetatik aurrera, Zeraingo herriaren garapen proiektuari "Parke kulturala" esaten zaio.

Zerainen etorkizuna kultur ondarea indartu eta honek dituen hiru osagai nagusien kudeaketa egokian datza:

  • Gizartea: antolakuntza, hizkuntza, auzolana, Kultur elkartea, sozietateak, jai eta ospakizunak, ermandadea, harremanak, hezkuntza...
  • Sinbolikoak: historiaurreko ondarea, mitoak, ohiturak, erlijioa...
  • Tekniko-ekonomiko-artistikoak: espazioarekiko moldakuntza, ondarea, eraikuntzak eta arkitektura, nekazaritza, basoaren ustiakuntza, hidraulika, galtzadak, harrobia, meategiak, erlijio-artea...

Hitz bitan, iragana (ondare material eta inmateriala) eta geroa (etorkizun ekonomikoa), egungo kontzientzia eta dinamika soziala eta autoafirmazioa lortzen ari gara kulturaren bidez. Etorkizun ekonomikoa kudeatzen dugunean, kultura sendoak, identitateak bezalaxe, autokritikarako gaitasuna indartzen du.

Kultur garapena,
garapen ekonomikoaren benetako eragiletzat
jo behar da, ez alde batera utzi daitekeen luxutzat.

Gaur egungo lanak hiru ardatzetan oinarritzen dira, beti ere lehen irizpide nagusia baztertu gabe: herritar guztien partehartzea.

  1. Udala: Herritarren bizi-kalitatea hobetzeko ekimenak eta udal zerbitzuak bultzatzen ditu.

  2. Oa Kultur Elkartea: Herriko beste taldeekin batera, guraso elkartea, baserritarren elkartea, ehiza eta arrantzu elkartea, gazte eta jubilatuak... dinamika eta kohesio sozialaz, herri nortasuna lantzeaz arduratzen da.

  3. Zerain Dezagun Fundazioa: Landa-inguruetako giza komunitateak osatzen dituzten gizakien iraupen soila duintasunez bizitzeko aukera bilaka dadin, ekimen sozial eta prozesu mikroekonomikoak dira sustatu beharrekoak. Lehen sektorea eta hirugarrena uztartuz, herriaren garapen sozioekonomikoaz arduratzen da Fundazioa.

Artzantzari gaztagintza erantsi diogu, esne behiak gehitu ditugu, oilaskotegiak kalitateko labela hartu dute, errezil sagarra biltzen dugu, esku lanak artisautza maila hartu du, sukaldaritza jatetxeetan trebatu da, tolarea lanean hasi da berriro, herriko plazan umeak jolasean ikus daitezke, geuk saltzen ditugu orain gure lanaren fruituak. Zoko izatetik zentro izatera pasatu gara.

Baina huts egingo genuke gure altxorrik handiena, gure ondarerik preziatuena zein den berriz gogoraraziko ez bagenu: bat egin eta segitu eta bizi nahi duen gizon emakumeen alegina, hain zuzen. Orain harro esaten dugu: Hau da Zerain!. Auzo lanean sendotutako kontzientzia. Herri apal bat bere ondarearen jabe. Ekonomia, turismo eta kulturan, Goierri tradizionala eta modernoa lotzen jakin izan dituen giza taldea.

Proiektu soziekonomikoa atalera itzuli

Ayuntamiento de Zeraingo Udala 2007 ©