Ostatu jatetxea denbora luzean dago zeraindarron artean. 1711 urtean Udaletxea sortu zen garaitik, urtez urte bere zerbitzuak eskaini ditu. Herri txiki guztietan bezala, Zeraingo atseden leku bakarra izan da denbora askoan. Tripa zorriak baretu edo ohe beroa nahi zuen kanpotarrak bertara joan beste irtenbiderik ez zuen.
Gaur egun ere Ostatu Jatetxeak sukaldeko suaren epeltasuna eskaintzen dio bisitari nahiz herritarrari. Euskal Herriko gastronomia goxoena dasta dezakegu bertan, arkume errea, baserriko oilaskoa, gazta tarta… eta Indabaren Ibilbidearen barruan egonik, nola ez, babarrun goxoak.
Harri hotzez eginiko paretek, leiho txikiek, betiko jakien usainak, kartzelako kateen kulunkak, XVIII. mendeko bidaiariaren azalean jarriko gaitu.