ESKAINTZA TURISTIKOA > Larrondoko zerrategia
Denboran zehar, uraren indarrari erabilera ugari eman zaio Euskal Herrian, eta Zeraingo Larraondoko Baserrian ere, uraren indarraz baliatzen ziren zerrategiko lanak egiteko.
1890 urte inguruan eraikia, Larraondoko zerrategia Zeraingo mendietan jaiotzen den Lasurtegi errekaxtoko urez baliatzen da eta gaur egun ere eraiki zeneko ezaugarri eta berezitasunak mantentzen ditu.
Zerrategiko lana Larraondo baserriko biztanleek burutzen zuten, baserriko lanaren osagarri zelarik. Hori dela eta, negu-udaberri garaian lan egiten zen batez ere bertan; baserrian lanik gutxien eta errekaxtoak ur gehien zekarrenean.
1960 urte inguruan utzi zioten Larraondoko zerrategia erabiltzeari. Geroztik erreka bazterrean iraun du isilean baina, oraindik ere, bere mekanismo zaharkituak lanean ikus daitezke.
Prozesua
Lasurtegi errekaxtoko urak, aldaparo baten bitartez, zerrategira bideratu eta bi turbina eragiten ditu.
Turbina batek lan tresnak eragiteko balio du eta besteak zerrategi eta baserrirako argi indarra sortzeko dinamoa. Turbinen bidez uraren indarra mugimendu bihurtuta, hiru uhelez baliatzen ziren zerrategiko tresna ezberdinak eragiteko. Lehenengo korreak, "linea" oso bat mugitzen du: tornua, zepiladora, daratulua eta sutegiari haizea emateko hauspoa. Bigarrenak, zerra zirkularra mugitzen du, eta hirugarrenak, enborretatik oholak egiteko balio zuen zinta-zerra. Lehen gaia, inguruetako basoetatik ekarritako zuhaitz enborrak, zerrategiaren kanpoaldean pilatzen ziren eta zerrategira sartu eta lehen lan astunak egiteko karril bat zuten.
Oso garrantzitsua zuten uraren indarra ahalik eta gehien aprobetxatzea, aldaparoan bildutako urak ordu erdian bukatzen baitira. Horregatik lanak oso ondo antolatu behar izaten ziren eta erabili behar zituzten tresna eta behar zuten indarraren arabera, ur gutxiago edo gehiagori ematen zitzaion irteera.
Eskaintza turistikoa atalera itzuli