Aparteko ingurunean , haritz arbolez inguraturik eta herri kaskotik gertu, San Blas ermita dago. Euskal Herriko ermita guztiak bezalatsu, bere umiltasunean dotoreziazko eraikuntza hau, XVII. mendetik zeraindarron otoitz, eskari eta erromeria leku izan da. Hain zuzen ere, eztarriko minaren aurka babesteko balioko duten San Blas eguneko janarien bedeinkapen ospakizuna hemen egiten da.
Aldarea, ur bedeinkatu ontzia, koru txikia eta nola ez, "mudejar" erako barandaila, San Blas ermitan ikus ditzakegun edertasunetariko batzuk dira. Kanpoaldean dagoen Jexux Jauregiren "Ilargiaren bideak" burdinazko eskultura ere ikusgarria da.
Ermita eta bere inguruneak leku berezi bat osatzen dute. Otoitza eta natura elkarlotu egiten dira toki honetan, eta lasaitasunezko egonaldi baketsua eskaintzen digu.
Eskaintza turistikoa atalera itzuli