Zeraingo Udala - Ayuntamiento de Zerain

Zerainen irudia

ESKAINTZA TURISTIKOA > Jauregia

Herriko plazako tontor batean, herri gunearen gainetik, Zeraingo Jauntxoen bizileku izan zen Jauregiaren aztarnak ikus daitezke. Jauregiaren zatirik deigarriena dorretxearen parte izan ziren hiru hormak dira, harri landuz eginak. Gotiko erako arku eder bat ere badago, ezker eskuin, "Agur Maria graziaz betea bedeinka gaitzazu" gotikozko idazkia duelarik.


Arku honen gainean herriko armarririk zaharrena ikus daiteke, eta alboan, zer adierazten duen inork ez dakien irudi bat: "Eguzki goibela, ilargi laurdenaz besarkatua eta zortzi puntako lau izarrez inguratua".

Harri bizian landutako irudi hauek, denboraren joanarekin indarra galdu badute ere, Zeraingo jauregiak hor dirau tinko bere handitasuna harro erakutsiz.


Historia


Bere lehen erreferentzia 1364 urteko dokumentu batean aurkitzen dugu, eta geroztik, aldaketa ugari bizi izan baditu ere, garai bateko dorretxe honek beti bere sorrerako handitasuna mantendu du.

Gaur egun ikus daitekeen Jauregia, XV. mendeko Ganboatar eta Oinaztarren arteko borroka sutsuen ondorio da. 1457 urtean, Enrike IV.a Erregeren aginduz, behera bota zuten dorretxea, eta horma suntsitu haien gainean baserri handi bat eraiki zuten.

Ekintza honek, ordea, ez zuen bere helburu nagusia lortu: Zeraingo dorretxearen handitasuna apaltzea. Zeraindarrok, denborak aurrera egin badu ere, oraindik "Jauregi" bezala ezagutu eta miresten baitugu.

Eskaintza turistikoa atalera itzuli

Ayuntamiento de Zeraingo Udala 2007 ©