Zeraingo Udala - Ayuntamiento de Zerain

Zerainen irudia

ESKAINTZA TURISTIKOA > Kartzela

Zeraingo kartzela edo ziega, udaletxearekin batera eraiki zen 1711 urtean. Beste zerbitzu batzuen artean, beharrezko zuten garai hartan gisa honetako "txokoa" antolatzea.

Kartzelaren berezitasun nagusia, lau paretak haritz oholez estaliak daudela da.

Paretetako harrien joskerak buztinez egiten zirenez, ez zen oso zaila gertatzen harri batzuk kentzea ihes egiteko. Haritz egurrarekin paretak babestuz, presoak ihes egiteko arriskua gutxitzea lortzen zuten.

Presoak lotzeko zepo eta grilleteak ere ikus daitezke. Dena den ez ziren preso guztiak lotzen, arrisku handiena zutenak baizik. Batzuk, paretaren kontra zutik lotzen ziren, beste batzuk zepo erraldoi bati etzanda, eta aske egotea ere posible zen.

Urte luze hauetan, kartzelak era guztietako "bisitariak" izan ditu; baita 1835 urtean minatan lan egitera ekarri ziren 26 gerra preso ere. XX. mendean pixkanaka erabiltzeari utzi zitzaion eta, gaur egun, gure historiaren aztarna gisa mantentzen dugu Gipuzkoan geratzen den XVI. mendeko kartzela bakar hau.


Preso motak


Zeraingo kartzela erabili dutenen artean bi preso mota ikus ditzakegu. Alde batetik, lapurreta edo mozkorraldi baten ondorioz egun gutxietako pena bete behar zuten bizilagunak eta, bestetik, zigor gogorragoa zutenak, bide lapur eta kontrabandistak kasu.
Bigarren hauentzat pasoko tokia zen Zeraingo kartzela. Beraien zigorra Kantauri itsasoko galeretan betetzen zuten, eta haruntzako bidean, Seguratik pasatzen den Errege-Kaltzada erabiltzen zuten, gaua Zeraingo kartzela eta gisako tokietan pasatzen zutelarik.

Eskaintza turistikoa atalera itzuli

Ayuntamiento de Zeraingo Udala 2007 ©