Zeraingo Udala - Ayuntamiento de Zerain

Zerainen irudia

ESKAINTZA TURISTIKOA > Burdinaren bidea

Burdinaren erauzketatik hasi, ondorengo lanarekin, eskuz zein modu industrialean jarraitu, eta burdinaren erabilera arkitektonikoarekin amaituz, Euskal Herriko historia eta oraina ulertzeko ezinbesteko erreferentzia den burdinaren haria jarrai daiteke ibilbide honetan; Zerain, Legazpi eta Ormaiztegiko paisaiaren osagarri bilakatu da burdinaren bidea.


Ibilbidearen hasiera Zerainen dago. XII. mendetik XIX. mendera bitartean inguruko burdinolak meaz hornitzen zituzten Aizpeako Meategietan. Burdinaren ustiapenaren garapen osoa ezagutzeko gune egokia da honako hau. Bertan, Ertaroko aztarnak modernoagoekin nahastuta ikus daitezke: galeriak, mina zulo, bolborategi, trenbide, biltegi, ikaztegi, kaltzinazio labe, eta teleferiko eta tunelen bidez Ormaiztegira iristen zen mea eta harrikatza garraiatzeko katea.

Ibilbidearen hurrengo geldiunea Legazpiko Mirandaolako Parkean dagoen burdinola dugu. Gutxienez XV.etik XIX. mendera arte lan egin zuen burdinola hau guztiz zaharberritua dago: ubidea, aldaperoa, ur gurpila, hauspoa, ingudea... Gaur egun ere nola lan egiten zuten ikus daiteke eta parkean bertan dagoen diaporaman, Legazpiko haraneko burdinaren bilakabidea erakusten da. Honez gain, Lenbur Fundazioak aukera turistiko zabal bat eskaintzen digu.

Legazpitik Ormaiztegira joango gara. 289 metro luzeko trenzubi eraikin monumentala, 18.000 tona burdin biltzen dituena, burdinak ematen dituen joko ezberdinen erakusgarri da. Eiffelen aurreko Alexander Lavalley ingeniariak egina, benetako maisu lana da, indarren kalkulua eta burdinaren erabilera kontuan hartuz. Herriko seme zuten Tomas Zumalakarregi jeneral karlistari eskainitako museoak, XIX. mendean izandako aldaketak ulertzen laguntzen digu.

Eskaintza turistikoa atalera itzuli

Ayuntamiento de Zeraingo Udala 2007 ©