Aralar, Txindoki eta Aizkorriko bistak, haritz eta pago basoak, belardiak, ardi eta behiak, amilotx urdin, txantxangorri eta beste txori txikiak, Oamendiko Trikuharria, Irumugarrietako tumulua… BTT ibilbideak bizikletan ibiltzea baino zerbait gehiago dira. Paisaia eta naturaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen dute.
Luzera eta zailtasun ezberdinekoak, Zerainek hiru ibilbide eskaintzen ditu.
23 km-ko ibilbidea, 2-3 ordu behar izaten dira berau egiteko.
Zeraingo herri gunetik abiatuz, mendiko pista batean barrena Segurara jaitsiko gara. Bertatik Beasainerantz jarraituko dugu, eta aldapa handi bat igaro ondoren, Ormaiztegiko bidea iristen den bidegurutzera helduko gara. Lehenengo zati hau lur biguneko bide, bide-zidor eta pistetatik egiten da. Hemendik Aztiriara eramango gaituen pista hartuko dugu. Zegamara (San Adrian) doan pista batetik desbideratuko gara eta handik, Aizpeko Meategien albotik pasatuz, abiapuntura helduko gara.
Ibilbide hau, Goierri eskualdeko BTT ibilbide arautuetako bat da.
45 km-ko ibilbidea, 5-6 ordu behar izaten dira berau egiteko.
Ibilbide luzeko zirkuitu hau, bizikletatik ia jaitsi ere egin gabe egin daiteke. Zeraingo herri gunetik abiatuko gera oraingoan ere. Mea bidea Ibilbidearen alderantzizko bidea eginez, Aizpea auzora iritsiko gara. Hemen hormigoizko pista batetik igoko gara, eta jarraian, aldapa handiko lurrezko beste pista batetik Aztiria gainetik datorren bidearekin bat egingo dugu. Pista hori hartuz, Aizkorriko Parke Naturalera joko dugu, eta handik, pagadiak eta hariztiak zeharkatuz, gora eta behera eginez, San Adriango babeslekura helduko gara pistaz Otzaurtera jaisteko. Otzaurtetik, pixka bat gora egin ondoren, beherantz doan bide luzea egingo dugu muino batetik Segurako Laiotz auzora iritsi arte, eta handik berriro, Zeraina igoko gara.
Ibilbide hau, Goierri eskualdeko BTT ibilbide arautuetako bat da.
13 km-ko ibilbidea, ordu bat edo bi behar izaten dira berau egiteko.
Zeraingo herrigunetik abiatu eta San Blas Ermitako gaina inguratuz, Presagaina helduko gara lur biguneko bide-zidor batetik barrena. Hemendik Aizpea auzora abiatu eta, Aristizabal baserriaren albotik igaroz, mendiko pista bat hartuko dugu. Ibilbidearen aldaparik gogorrenak hasten dira hemen. Bide nagusiari jarraikiz, Oamendiko gainara helduko gara. Ezkerrera hartu eta Bostaitzetara arte igotakoa jaistea tokatzen da. Hemendik berriro gora egingo dugu Barbariko gainan ezkerrera dagoen bide zidorrari jarraituz, Jauregiren aldamenetik berriro Zeraingo gunean azaltzeko.