Herri guneko eraikin nagusiena den Andra Mari Eliza XV. mendearen lehen zatian eraiki zen.
Zer ikusi asko eskaintzen du, baina aipatzekoa da harribitxiz apaindutako kobrezko gurutze erromaniko ederra.
XII. mendekoa da, Gipuzkoako bakarra, Zegamako elizan dagoenaz gain
XVII. mendeko harri landuz eginiko Bataio Pontea ere ikus dezakegu, bere irudi ezberdinekin: Zeraingo armarria, eguzkia, lehoia, mahats lukua, ilargia, etab.
Ur bedeinkatuarentzako hiru ontzi, korua, pulpitua, aldare nagusia eta albotako bi txikiak, hilobiak, arku korala, bobedak, etab. dira Andra Mari Elizaren edertasuna osatzen duten elementuak.
1556 urteko Bataio Liburua da dokumentu zaharrena, baina elizan dagoen Joan Garcia de Cerainen hilobian gotikoz jartzen duen idazkiak, "Hilobi hau Joan Garcia de Cerainek egin zuen, 1457 urtea", dio.
Gaur egun ikus dezakegun eraikina, berriz, XVIII. mendean eginiko eraberritze lanen ondorioa da. Elizaren egoera lazgarria ikusita, eta Doña Maria de Cerain y Zarauzen eskariz, 1709 urtean Iruñeako Artzapezpikuak eraberritze lanak hastea onartu zuen. Lan hauek Juan de Carrera arkitektuok eginiko planoetan oinarritzen dira, nahiz eta aldaketa ugari jasan zuten, herritarrek egiten zuten lanen jarraipen zuzena zela eta. Lan hauen ondorioz, hasierako egurra Zeraingo Oa harrobiko harriz ordezkatu zen.
Kanpoko lanak bukatutakoan barne apainketari ekin zioten, eta gorabehera batzuen ondoren, Diego Martinez de Arzeren jarraibideetan oinarrituz egin ziren gaur egun ikus daitezkeen barroko estiloko hiru erretaulak.
Aipaturiko XV. mendeko Joan Garcia de Cerainen hilobiaz gain, herritarron hilobien aztarnak ere badaude. XVIII. mende bukaerara arte erabili ziren, herriko familia bakoitzak elizaren atzeko aldean hilobi bana baitzuen. Hhilobi hauen kokapena markatzen duten zenbakiak ikus daitezke oraindik.