Zeraingo Udala - Ayuntamiento de Zerain

Zerainen irudia

ESKAINTZA TURISTIKOA > Aizpeako meategiak

Historia luze eta aberatsaz gain, Zeraingo burdin meategiek beste balio handi bat dute: "Burdina lortzeko jarraitu beharreko prozesu guztia zuzen-zuzenean eta leku berean ikusteko aukera". Euskal Herrian ez da honelako beste gunerik.

Euskal Herriaren garapenean hainbesteko garrantzia izan duen burdinaren ustiapenaz inor gutxi oroitzen da. Zerainen, ordea, ez dugu ahaztu gure historiako pasarte hau, eta bisitari orori gustura azaltzen diogu gure gaurko izaera baldintzatu duen historiako garai hau.

Gaur egun, meategiak berreskuratze-proiektu zabal baten barruan daude. Aizpeako burdin meategietan ia ez da pala, pikatxoi edo presorik ikusten; argazki-kamera, bideokamera, eta mundu osoko turistaz betetzen dira orain. Historian zehar Zeraingo herritarron nortasunaren bereizgarri izan den gune hau, etorkizunean ere gure garapenaren zutabe nagusi izaten jarraituko du.


Historia

Zeraingo Aizpea auzoko burdin aprobetxamentua historia luzeko ekintza da. Lehenengo erreferentziak XII. mendera garamatza, eta ordutik hasita, 1951 urtean gaur egun ikus daitezkeen labeak itxi ziren arte, burdin meategiak oso lotuta egon dira Zeraingo herriarekin.

XII. mendeko lehenengo erreferentziek, burdinaren ustiapena "haize olen" bidez aire librean egiten zela erakusten dute.

XIV. mendean, Urola eta Deba garaiko burdinoletan lantzeko burdina ateratzen zuten. 1512. urtean, Errege Katolikoak, Aretxabaletako Otaloratarrei eman zien meategiak ustiatzeko eskubidea. Urte honetatik 1826 urtera arte, familia honen esku egon zen meategietako ustiapena.

Erreferentzia gaurkotuenek, XIX. mende bukaera, XX. mendearen hasieran kokatzen gaituzte. Garai honetan konpainia ingeles bat ("The Cerain Iron Ore Company Limited") zen meategiak ustiatzen zituena eta beraiek egin zituzten gaur egun ikus daitezkeen egitura eta eraikuntzatako asko. 1932 urtean enpresari alemaniar batzuk hartu zuten ardura hori. 1941 urtean Legazpiko Patrizio Etxeberria lantegiak ordezkatu zituen hauek, eta 1951 urtean labeak itxi ziren arte, bere gain izan zuen meategien ustiapena.


Sortze-prozesua

Zeraingo mendietan aurkitzen den lehen gaia burdin karbonatoa da. Hau lortzeko mendi guztian zehar galeriak zulatzen zituzten eta gaur egun ere ehundik gora aurki daitezke. Luzeena, 600 metrotik gorakoa, Santa Barbara izenez ezagutzen dena dugu.

Lokomotora batek, mendian barreiaturik zeuden galerietatik ateratako burdin karbonatoa labeetaraino eramaten zuen. Ikatz eta burdin karbonato kapak osatuz, labea bete eta su ematen zioten.

Prozesu honekin, burdin karbonatoaren lehenengo garbiketa egiten zuten karbonatoa, ura eta beste substantzia batzuk banatzea lortuz. Hau ia prest zegoen burdinoletara garraiatzeko.

Garraio hau egiteko, 1800 metro luzerako "airezko tranbia" deritzon kablezko sistemaz baliatzen ziren. Kabletik zintzilik zeuden baldeak burdin kiskaliz bete eta Mutiloara, alboko herrira eramaten zen. Handik, bagonetaz, Ormaiztegira eta gero Pasaiara, barkuz Eskozia eta Alemaniara bideratzeko.

Eskaintza turistikoa atalera itzuli

Ayuntamiento de Zeraingo Udala 2007 ©