Gure aberastasun garrantzitsu bat, eguneroko lanaz ekoizten ditugun produktuak dira. Gurasoen erakutsiak jarraikiz, eta ingurunearekin bat eginik, haisera batean etxerako beharrak asetzeko ekoizten genituen produktuak, denen eskura jartzen ditugu orain.
Zeramika, Idiazabal gazta, zapore ezberdinetako mermeladak, saskiak, sagardoa... produktu hauen goi mailako kalitatea da Zeraingo herriak eskaintzen dituen beste erakargarrietako bat.
Baina denda honek badu beste berezitasun bat: Merkataritza Justua. Zeraingo Dendak herriaren garapenerako funtzio sozial garrantzitsua betetzen du, produktuen azken prezioaren zatirik handiena baserritarrengana iristea ahalbidetuz.
Dendaren lanari esker, baserriko lana errentagarri egiten dugu. Baserritar, artisau eta bere familiari beraien gustuko lanean jarraitzeko aukera errazten diogu eta gure herriaren biziraupena sendotzen dugu. Gure produktuekin, kalitatezko goi mailako produktuez gain, Zeraingo biziraupenerako giltza erosten duzu.